XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Don Constantino Aginaga jaunak argi eta garbi aditzera eman zidan gure aita oposiziorik gabe sartu zela Ahaldundegiko Injinadoretzan, eta orduko liberalek asko edo gutxi, kanpaina bati ekin omen zioten, Donostiako La Voz de Guipúzcoa egunorokotik batez ere, Josepe Itarte gure aitonak diputatu baitzen aldi hartan integristen izenean, bere sui-gaiari gorde ziola-eta txoko eder hura.

Honetaz gehieneko esan daitekeena da eta gehitxo esatea deritzat, suigai nahi zezakeenari gorde ziola, ene gurasoak ez baitziren aldi hartan senar-emaztegai ere.

Ezkondu, 1915-eko Jorrail / Apirilaren 29-an ezkondu baitziren eta hiru hilabete bakarrik egin zuten nobiotzan.

Gainera, 1907-an amak 14 urte besterik ez zituen.

Beraz, gure aitona Itarte aitaren alde saiatu bazen, bi familiek zutèn elkarrenganako adiskidetasunagatik izango zen baitipat eta beste zedozer integrismuaren gogaidetasunak eraginda.

Dena dela, dio D. Constantino Aginaga jaunak, esku hobetan ez zitekeen eror Diputazioko injinadoretza.

Alegia, gure aitonaren jokabidean aipatu dugun ahuleriarik izan baldin bazen ere, ez zutela Gipuzkoa guztian, injinadore azkarragorik, prestuagorik eta egokiagorik aurkituko.

Hauetxek dira, politikaz liberal zèn jaun agurgarri baten hitzak eta iritziak gure aita integristaz.

Urrengo urtean, hots, 1908-ko Urtarrilaren 3-an, Probintzi-Mandatalgoak (Comisión Provincial) agindu zion Inazio Maria Etxaide jaunari, Probintzi Telefonu Sarearen (Red Telefónica Provincial) aurrekontu-estudio bat egin zezala.

Hemen konta ez ditzakegun borroka eta istilu gogorren ondoren, Madrileko Gobernaritzak baimena eman zion Gipuzkoako Ahaldundiari, Probintziaren lurralde osoan Telefonu Sarea hedatzeko eta esplotatu ahal izateko 35 urteko epean.

Lege hau 1908-ko Hazaroaren 25-ean eman zen.

Ahaldundiak 1909-ko Epail / Martxoaren 9-an hartutako erabakiz, Inazio Maria Etxaide jauna, Probintziako Industria Injinadore eta Telefonu-Sare-Zuzendari izendatua izan zen.

Hau, berez zetorrèn erabakia zen, zeren, gure aita 1908-garren urte haseratik okupatzen baitzen telefonuaren opaespenaz (concesión) eta Sare hedatzeaz, eta aurrerantzean buru-belarri jardun beharko zuen telefonuaren planeamendu eta instalazio lanean, urrutizketa Gipuzkoako bazter guztietaraino iritsiko bazen.

Telefonua automatizatzeko garaia heldu zelarik, estudio sakon bat egin ondoren, Estokolmoko Ericssonen sistema onartzea erabaki zen eta Gipuzkoako Ahaldundiak pentsatu zuen beharrekoa zela nire aita eta bere ekipoko gizonak Estokolmora joatea eta halaxe joan ziren 1923-ko udazkenean, 1924 udan eta 1925-ko udaberrian, hogeitalauan gure aita buru zela eta beste bi urtetan Jenaro Mitxelena (Jefe de Construcciones) buru zelarik.

Luzaro gabe, 1926-an alegia, automatizatua gelditu zen Donostia eta beronen 15 kilometroko ingurunea.

Donostia Telefonu Munizipalak automatizatu zuen, Vicente Pradoren zuzendaritzapean.